Orga jokoa
JOKOAREN OINARRIA
Joko honetan, atzeko aldetik hartuz eta gurpilek lurra jo gabe, orgari birak eman behar zaizkio. Gurtaga lurreko puntu jakin batean izango du lotua orgak.
ORGAREN ETA LANABESEN EZAUGARRIAK
- 1.art.- Orgaren egitura egurrezkoa izango da.
- 2.art.- Orgaren luzera: orga 4 metro 50 zentimetro luze izango da (+-5 cm), aurreko kontzatik kirolariaren besoek orga ukitzen duten punturaino.
- 3.art.- Gurtaga kontza gainean jarriko da, gutxienez 70 cm x 70 cm-koa izango den xafla baten gainean.
- 4.art.- Kontza gurtagaren muturrean jarriko da.
- 5.art.- Kontzaren altuera: 15 zentimetro egin behar ditu gora, (+- 2 cm), lurretik hasita egurraren beheko aldera.
- 6.art.- Orgaren altuera: Orgak 90 cm-ko altuera izango du (+ – 5 cm), lurretik hasita kirolariaren besoek orga ukitzen duten punturaino.
- 7.art.- Orgaren pisua: Orgak, pisu gainean dagoela, kontzan sostengatua (atzeko aldea haga baten gainean), 200 kilo izan behar ditu (haga salbu).
- 8.art.- Orgak arestian aipaturikoa baino gutxiago pisatuz gero, gain-pisua jarriko zaio, arauzko pisura hel dadin.
- 9.art.- Gain-pisu hau, kirolariaren besoek orga ukitzen duten puntutik gutxienez 50 zentimetrora jarriko da.
- 10.art.- Orgari heldulekuetatik helduko zaio. Orga besoetan eta bularrean bermatu ahal izango da, baina inoiz ez sorbaldan.
- 11.art.- Heldulekuak mugikorrak izango dira eta kirolari bakoitzari komeni zaion neurrira egokituko dira.
- 12.art.- Kirolariak besoak eta bularra babes ditzake, beti ere babesgarri honekin ez badu orga erortzea saihesten. Eskuek ez dute babesik izango, eta garbi izan beharko ditu, inolako produkturik gabe.
- 13.art.- Kirolariak nahi duen norabidea aukera dezake, erlojuaren orratzena, edo kontrakoa.
- 14.art.- Kirolariak bi elkarren segidako ekitaldi egiteko aukera du. Ekitaldi bat ontzat jotzeko, jokalariak gutxienez zirkunferentzia laurdena egin beharko du.
- 15.art.- Ez dago denbora mugarik proba hau egiteko.
- 16.art.- Zerbait hautsiz gero, eta ezin bada 15 minutuan konpondu, proba bertan behera utziko da.