1. ARTIKULUA. Euskadiko Herri Kirol Federazioa nortasun juridikoa eta jarduteko ahalmena duen irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da zeinek kirolariak, teknikariak, epaileak, klubak eta kirol elkarteak biltzen baititu, Herri Kirol modalitatea praktikatu, sustatu eta antolatzeko.

3. ARTIKULUA. Euskadiko Herri Kirol Federazioaren helbidea ondorengoa da: Astola Auzitegia, Abadiño, Bizkaia.

4. ARTIKULUA. Euskadiko Herri Kirol Federazioak eremu autonomikoan kirol modalitateari dagozkion jarduera eta lehiaketa ofizialak sustatzen, kalifikatzen, baimentzen, agintzen eta antolatzen ditu.

5. ARTIKULUA. Euskadiko Herri Kirol Federazioak estatu eta nazioarteko eremuan bere kirol modalitateari dagokion euskal kirol federatuaren ordezkaritza darama.

6. ARTIKULUA. Bere eginkizunak betetzeko, federazioak ondorengo funtzioak izango ditu:

  • Estatuan eta nazioartean dagokion kirol modalitatea ordezkatzea, eta, hala dagokionean, federazioa beste erakunde batzuetara atxikitzeko araubidea zehaztea.
  • Bere barne dauden lurralde federazioen jarduera koordinatzea.
  • Autonomia erkidegoan kirol modalitatearen lehiaketa ofizialak eta jarduerak antolatzea.
  • Parte hartzeko eta lehiatzeko arau propioak ezartzea; betiere bere eremuaz gaindiko lurraldeko federazioek ezarritako arauen aplikazioari dagokionean kalterik eragin gabe, hala dagokionean.
  • Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan bere estamentu guztien partaidetza antolatzea.
  • Dagokion kirol modalitatearen federazio lizentziak ematea.
  • Bere jarduera garatzean sortutako kirol gatazkak ezagutu eta konpontzea; organo judizial eta arbitraje-organoen eskumenari kalterik egin gabe.
  • Bere arauak betetzen direnaz arduratzea, eta horiei jarraiki, duen diziplina ahalmena burutzea.
  • Administrazioarekin kirolean debekatuta dauden substantzia, talde farmakologiko eta arauz kanpoko metodoen erabilera prebenitzen, kontrolatzen eta zigortzen elkarlanean aritzea, horretarako zehazten den araudiari jarraiki.
  • Horretarako ezartzen den araudiari jarraiki, dagokion kirol modalitateko teknikariak eta epaileak prestatzea.
  • Bere baliabide ekonomikoen helburua zehaztu eta esleitzea; bere jarduerarako beste erakunde batzuek transferitzen dizkion baliabideak kudeatzea, eta bere baliabide guztien erabilera zuzena dela kontrolatzea.
  • Lurralde federazio, eta atxikita dituen klub eta kirol elkarteentzako diru-laguntzak esleitu eta aplikazioa kontrolatzea.
  • Euskal Herriko administrazioekin kirol-sustapeneko bere helburuetan elkarlanean aritzea, eta, bereziki, 14/1998 Legeak federazioei zuzenean ezartzen dizkien lankidetza eta aholkularitzako funtzioetan.
  • Bere estatutuak eta kirol araudiak lantzea.
  • Dagokion kirol modalitatean eta lurralde eremuan emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea, eta ahal den neurrian, bermatzea.
  • Eta, oro har, dagokion kirol modalitatearen jarduera sustatzeko eta hobetzeko komeni den guztia ezartzea.

7. ARTIKULUA. Euskadiko Herri Kirol Federazioak, funtzioak bere lurralde federazioekin batera garatuko ditu.

8. ARTIKULUA. Euskadiko Herri Kirol Federazioan ezin izango da inolako bereizkeriarik burutu arraza, sexu, erlijio, iritzi eta sineskeria, ala beste edonolako zirkunstantzia pertsonal nahiz sozialagatik.