JOKOAREN OINARRIA

Horretarako egin diren harriak, tarrasean ahalik eta urrutien eraman behar dira joko honetan. Arrastean, animaliak zein gizakiak ari daitezke.


BALDINTZA OROKORRAK

1.art.- Probak, horretarako eraikitako probalekuetan egingo dira.

2.art.- Proba hastean, harriaren atzeko aldeak probaleku orok izan behar duen zinta edo erdiko marka estali behar du. Eraman beharreko harriek zulo bat izango dute aurreko aldean, katea pasatzeko eta ziria jartzeko.

3.art.- Probalariek plaza (iltzea) egin dutela ulertuko dugu, harriaren aurreko aldeak irteera gunearen beste aldean dagoen marka edo lerroa zapaltzen duenean.

4.art.- Harria ezin izango da probalekuko alboetako marketatik pasa.

5.art.- Harriaren alde bertikaletako bat alboetako marretatik aterako balitz, “ustela” gertatuko litzateke. Hau gertatzen denean, probalariek atzera egin beharko dute, harria bere osotasunean atera den gunetik baino atzerago egon arte. Ez da exijituko baldintza hau, harriaren aurreko aldea probaleku bukaerako markara iritsi bada.

6.art.- Proba bukaera Epaileak neurtuko du, harriaren aurreko aldean urrutien dagoen zatia kontuan hartuz. Kasu berezietan (hondarra galtzea, eta halakoak), Epaileak ezarriko du aurrera eraman beharreko irizpidea. Proba bukatutakoan, epailea ustela adierazten ari bada, marka leku horri dagokiola ulertuko dugu, harria non dagoen ez dio axolarik.

7.art.- Proba guztietan Plazako epaileak hartuko du parte. Plazako Epailea federazioko kide izango da.

8.art.- Plazako Epaileari dagokio:
– Animaliak pisatzerakoan, bertan izatea eta izan daitezkeen arazoak konpontzea.
– Animaliak pisatu ondoren eta Epaileak kronometroa martxan jartzen duenean, ordezkatzerik edo aldaketarik ez gertatzeko neurriak hartzea.
– Lehia aldatu edo biziatuko duen produkturik ez duela ikuskatzea.
– Kriseilua aurretik pasatzea.
– Plaza garbi dagoela ikuskatzea.
– Txapelketa hasi aldez aurretik erabiliko den harria garraiatzeko agintzea, baita ere Epaileak plazan zerbait arraroa sumatuko balu.
– Probak burutu bitartean, iltzeak noiz bete diren berak esango du, baita proba bukaerako neurketa ere.

9.art.- Ezin izango dira animaliak zakar ziztatu, ezta kolpatu ere. Kolpeak moduz eman beharko dira, Epailearen irizpidea jarraituz. Ez bada horrela egiten, probalariari abisu bat emango zaio. Berriz ere gauza bera eginez gero, kanporatua geldituko da. Asto probetan edo zaldi probetan, ezin izango da animalia ziztatu, ezta akuilua ez den beste zernahi gauzarekin jo.

10.art.- Lehiaketa berean ezin izango dute parte hartu aurrez parte hartu duten animaliek, nahi eta beste jabe baten izenean aurkeztu.